lunes, 13 de febrero de 2012

PILOTARI



PILOTARI
Lau sarrera eman zizkidaten Kursaal aretoan Euskadiko Orkestraren emanaldi bat entzuteko. Sarrerak profitatzeko, hiru lagun deitu nituen, baina haietako bat ez zen etorri, eta txartel bat soberan neukan.

Txartel leihatilan jende ilara zegoen, eta gizon bat ailegatu zen hartara. Hurbildu [nintzaion] eta soberan neukan txartela eskaini nion. Atseginez hartu zidan eta sakelara eraman zuen eskua, sos bila. Nik ezetz erran nion, niri dohainik emana zelako, eta irribarretsu eskertuz agurtu ninduen berak.

Hamargarren ilaran zenbatuak geneuzkan sarrerak, eskuineko muturrean bi eta ezkerrekoan bertze biak. Lagunei galde egin nien ia nork nahi zuen gizonaren ondoan eseri.

— Ezta pentsatu ere. Hik eman dion txartela, orain, hoa berarekin —erantzun zidaten aho batez.

Gizonaren ondoan eseri eta kortesiazko solas batzuk egin orduko salatu gintuen geure mintzoak. Elkarrri beha gelditu ginen.

— Ez zara ba baztandarra izanen?

— Bai, Almandozkoa…

— Ez da egia izanen… Zu Lolita zara! Nirekin komekatu zuen neskatiko polit hura! —oihu egin zuen gizonak ia-ia, nire etxeko izen kuttuna ahoskatu zuenean.

— Eta zu, Elias Pierola pilotaria zara! —erantzun nion harrituta.

Besarkatu ginen eta hitza batak bertzeari kenduz gure biziaren berri eman genion elkarri. Ilararen bertze muturrean, ikaraturik begiratzen ninduten nire lagunek, arrotz batekin musuka ari nintzela uste baitzuten, nonbait. Beldur ziren burutik emana ote nengoen edo.

Argiak itzali ondoren, berrogeita hemeretzi urte egin nuen gibel[er]at orkestraren doinupean. Maiatza zen, eta lehendabiziko komunioa hartu nuen. Egun ederra izan zen hura, batez ere soineko zuri polit bat estreinatu nuelako. Eliasen ama jostuna zen, eta nirearen laguna. Berak egin zidan soinekoa eta egun hartan, Elias marinelez jantzia ondoan neukala, bazkaldu ere egin nuen haien etxean. Ama erditzeko tenorean zen, handik egun gutira ahizpa sortu baitzen, eta etxean gelditu behar izan zuen. Urte hartan herrian hamabi neskatikok eta mutikok [neska-mutikok] hartu genuen lehendabiziko komunioa, eta norbaitek elizako atarian argazki bat egin zigun. Nire ondoan ageri da Elias argazki horretan.
Posted by Picasa

2 comentarios:

Josefa Maria Setién dijo...

Ziur nago egia dela !Ze polita! Kontua dirudi.
Ezkerrikasko Lola, kontatzeagatik.
Joxepa.

Baztango Haizegoa dijo...

Kaixo lola arras polita istorios, Elia buruz post bat in behar dut Baztango Haizegoan eta historitxo honi esteka bat patuko diot.
Eskermile